domingo, 17 de febrero de 2008

LAN MUNDUA

Lehenik eta behin, gazte asanbladak, lan ildo hau jorratzeko hartutako erabakia eta egun, Otxandion dugun errealitatearen jabe izatea, ezinbestekoa da aurrera planteatuko ditugun ideia zein ekimen praktikoak ulertzeko.

Aspaldian, gazte asanbladak, errealitatea, gazte ikuspuntu batetik aztertzen hasi ginenean, gure antolakuntza helburu zuten ekimenetan sartu ginen buru belarri, pertsona zein gazte bezala genituen nahi, ilusio, amets... praktikara eramanez. Urteetan horretan aritu gara baina gure lanak pausu berri bat behar zuela konturatu ginen.

Gizarte honetan pertsona orok bizi ditu sistemaren arazo estrukturalen ondorioak, etxebizitza falta, lan falta, kontsumismoa, kultura alienantea.... baina gazteok ere badauzkagu problematika zehatzak.

Gazte garen heinean, nagusiena den gizarte batera goaz, gure asmo on eta inozoekin, pareta handi bat gainditu behar dugunaren sentsazioa behin eta berriz sentituaz. Eta horren baitan kokatzen dugu lan mundua. Zahar zein gazteontzat, ez da erraza lan mundua baina gu, hasiberriak garen heinean, konplikazioa dexente handitzen da.

Gazteontzat, prekarietatea, inestabilitatea, ETT-ak, bekario kontratuak, ordu extrak, kontraturik eza.....bezalako hitzak gure hiztegiko erabilienak izaten dira. Zer esanik ez, gazte hori gainera, emakumea baldin bada.
Eta errealitate hori ez dugu onartzen. Ez gara lan bat lortzearekin konformatzen. Duintasuna badakigu zer den beraz lana ere duina exigitzen dugu!!

Abiapuntua hori izanda, Otxandion ere gazteon errealitatea zein den aztertzera ekin genion. Eta atera genuen lehen konstatazio nagusiena honakoa izan zen: Otxandion ez dagoela parorik, hau da, lan egin nahi duenak baduela eginbeharra.
Eta ezin dugu hori ukatu, herri gehienak badaki eta errealitate bat da.
Baina....
Hitz potolo eta positibo horien atzean zer aurkitzen dugu?
Herri honetan zenbat pertsonek egiten dugu lan inongo kontraturik gabe? Eta zenbat gaude ETT bitartez kontratatuak? Eta zenbat ordu estra sartzen ditugu Otxandioko langileok? Eta langile horien eguneroko lan-baldintzak zeintzuk dira? Eta emakumeak gizonak beste kobratzen al du? Eta gazteon lehenengo kontratuak zer baldintza dauzka? Zein da langile baten estabilitatea? Langileok dauzkagun eskubideak errespetatzen al dizkigute?.........

Ez dira galdera gutxi, eta jarri ezkero, beste hainbeste atera genitzake. Beraz, paroa edota lan eskaintza onargarria izan arren, prekarietatea badagoela uste dugu.

Eta hori izango da gure ildoaren ekinbide nagusiena; Prekarietate hori non, nola eta zertarako ematen den aztertu. Hori izan behar da gure lehenengo lana.

Bestalde, bide hau aztertzen hasi ginenean gure baitan informazio falta ikaragarria genuela sumatu genuen. Enpresa batean lan eskaintza bat egiten digutenean zeintzuk dira dauzkagun kontratu motak? Eta bertan bukatzen dugunean edota botatzen gaituztenean edo lanean gauden bitartean.... Informazioa ezinbestekoa da mundu horretan ongi moldatzeko eta gazte asanbladak, bere mailan bada ere, gazteoi eskaini behar die. Aztertuko da hori nola egin, Txarla formatoan, mintegi formatoan edota liburuzka moduan.

Beraz eskuartean daukagun lana ez da ahuntzaren gauerdiko estula. Hasiera batean barne mailako lana eskatzen du ildo honek eta gazte asanblada barruan, behintzat kontzeptu minimo batzuk ikasi eta konpartitu. Ondoren Otxandioko errealitatea aztertu beharko da, diagnostiko egoki bat egin ( horretarako herriko gazteekin egon beharko gara beraien errealitatea azaldu diezaguten) eta azkenik, egongo dira lana praktikara eramateko ekimen zehatzak ( ETT-zko kontratuen kontrako kanpainak... ) beti ere zabalduena den arazoan edota guri gehien interesatzen zaizkigunetan.